XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraingo kontua bestelakoa da.

Martxelok idatzirik utzi zituen oharren arabera, gerraren aldi hartan Euskal Herriko uretan gertatu zen gudaldirik ospetsuenean parte hartu zuen, ezkutuan izan bazen ere.

Gudaldi hori zein izan zen ez badakizu, irakurle, jakin ezazu Matxitxakoko batailaz ari naizela eta hurrengo lerroetan zure jakinmina asetzen saiatuko naizela.

Hala bada, egunkari moduan idatzirik diren oharrak, nik neuk deskodifikatu, transkribatu eta egokitu ditut.

Oharrak hona ekarri baino lehen, bataila hari buruz zerbait kontatuko dut.

Horrela, oharrok hobetu ulertuko dira.

Aurrera jo baino lehen, irakurle hori, ez ezazu papera ahaztu eta har ezazu boligrafoa eskuan, hemen kontatuko dudana ulertzeko zure partehartze zuzena beharrezkoa da eta.

Hartu al dituzu papera eta boligrafoa?

Bai.

Begira, egin ezazu Euskal Herriko kostaldea irudikatzen duen marra luze bat.

V letraren tankerakoa da gure kostaldea, baina piska bat ezkerretara etzana.

O.K.?

Orain etzanda duzun V letraren eskuineko marra zabal ezazu apur bat.

Angelu kasik zuzena geratu zaizu, ezta?

Angeluaren eskuineko marran, puntan-puntan, Baiona dago, Martxeloren koadernoan K letraren bidez agertzen dena.

Zergatik letra hori?

Kai-ona delakoan haren jatorrizko izena?

Ala portu segurua zelako?

Auskalo!

Nire ustez, koadernoko K letra Baiona da, baina goazen aurrera!

Etzanda geratu zaizun V horren marratxoaren ezker muturrean jar ezazu A letra, hortxe baitago Bilboko Abra.

Noski, V letraren angeluan bertan D letra jarri behar duzu, Donostia hortxe dago eta.

Donostia eta Bilboren artean, ezkerraldean, M letra jarri behar duzu, Matxitxako hortxe dagoelako.

Matxitxako da Urdaibaiko mugarrietako bat.

Eta Matxitxako lurmuturra denez gero, atera ezazu puntu hori zure marrazkian.

Ondo?

Orain dena hobeto ulertzeko prest zaude.

Jose Antonio Agirrek, Eusko Gobernuko Lehendakariak, 1937ko matxoaren 3an lau bouri Baionara joateko agindua eman zien.